udan guztiz murgilduta gaudelarik, oraingoan tarta hotz goxo-goxo bat nola prestatu erakutsiko dizuet. Hain zuzen ere, limoizko tarta hotza.
- Osagaiak:
- 4 limoi
- 2 zuringo
- 50ml ur
- 7 gelatina lamina
- 250ml esne-gain harrotu
- Gaileta pakete 1 ("Maria" gailetak)
- Gurin zati bat
- Gozogintzako koloratzailea (horia)
- 60gr azukre
- Tartaren oinarriarekin hasiko gara. Janaria txikitzeko makinarekin gaileta guztiak txikituko ditugu. Honen ondoren, gurina mikrouhin-labean sartu behar da urtu dadin eta gaileta txikituen katilura gehituko dugu. Ondo nahastu behar da masa oretsu bat izan arte, orduan moldera isuriko dugu.
- Tartaren betegarria prestatzeko, lehenengo 2 limoiren oskolak arraspatu eta platertxo batean gordeko ditugu, gero erabiliko baititugu. 2 limoi horiekin zukua egin eta ontzi batean isuriko dugu sutan berotzen utziz, 50 ml ur eta aurreko limoi oskolekin batera. Beste ontzi batean, 4 gelatina lamina uretan jarriko ditugu, busti eta hidratatu daitezen. Honen ondoren, laminak limoi zukua daukagun ontzira gehituko ditugu disolbatu daitezen. Disolbatzerakoan ontzia sutik kenduko dugu.
- Esnegaina harrotzen hasiko gara, behin harrotuta daukagula aurreko urratseko nahasketa gehituko diogu, oso ondo nahastuz. Tartaren moldera isuriko dugu nahasketa guztia eta hozkailura sartuko dugu, 5 orduz ondo gogortu eta mamitu arte.
- Amaitzeko, tartaren gainealdean joango den estaldura prestatuko dugu. Horretarako, 3 gelatina lamina uretan jarriko ditugu lehen bezala busti eta hidratatu daitezen. Falta diren 2 limoiekin zukua egingo dugu eta kazola batean sutan jarriko dugu. Azukrea bota eta desagertu arte irabiatuko dugu, orduan gelatina laminak gehituko dizkiogu, koloratzaile tanta batzuekin. Gustuko dugun kolorea bereganatzen duenean, sua itzali eta epeltzen utziko dugu. Orduan, tartaren gainekaldean isuriko dugu.
* Garrantzitsua: estaldura tarta ia mamituta dagoenean prestatzen hasiko gara. Estalduraren nahasketa oso hotz geratzen bada, zaila izango baita tartara isurtzea.

No hay comentarios:
Publicar un comentario